Gure kolegioak Berako Labiaga ikastolarekin baterat daraman Zubiak eraikiz proiektuaren barne, joan den urriaren 16an gure 5. mailako ikasleak Berakoekin baterat elkartu ziren Zugarramurdin asmo hauekin: harremanak sortzea eta sendotzea, gure ondarea ezagutzea (kasu honetan sorgin ehiza) eta gure bazterrak zaintzea eta turismoaren masifikazioarekin kontzientzia hartzea (kasu honetan Zugarramurdiko herria).
Arrunt egun ederra pasatu genuen. Lau tailer antolatu genituen, gisa horretarat, kopuruak apalagoak izanik, elkar ezagutza erreskiago eman zen. Tailer horietan binaka (senpertar bat eta beratar bat) aritu behar izan ziren lanean prestatua zitzaioten liburuxka osatzen.
Lehen bi tailerretan Maite Urmeneta eta Manu Soto historiako irakasleekin testu inguruaz jabetu ziren sorgin ehiza ulertzeko: Nafarroako konkista, erlijio gerla eta inkisizioa landu zuten.


Hirugarren tailerrean, Helena Xurio zugarramurdiarrak Zugarramurdiko sorginen auziaren aitzineko urteak eta herriaren sorrera aipatu zituen. Baita ere, herritar bezala, bere arbasoek jasandako nola ezagutu zuen eta kontzientzia nola piztu zitzaion kontatu zuen.

Laugarren tailerrean berriz, Koro Iratzoki zugarramurdiarrak Zugarramurdiko 1610eko auzia eta Logronoko Autodafea azaldu zituen ikasleen arreta bereganatuz.

Eta azkenik, pausa baten ondotik eta tripa beterik, Zugarramurdiko museoa bisitatu zuten.

Arratsalderako denak akituak, baina egun eder batek uzten duen gozamenaz itzuli ginen kolegioarat; sorgin ehiza gure eskualdean zer izan zen deskubrituta eta Senpere eta Berako ikasleen arteko harreman berriak abiatuak!


